Iñigo Astiz

Crítica publicada en el periódico Berria Titulada “Itsusi eta gordin ” y escrita por IÑIGO ASTIZ a raiz de la exposición de 2010 en Estella.

Fernando Beorlegi margolariari buruzko atzera begirako erakusketa prestatu du Lizarrako Gustavo de Maeztu museoak
Artistak hain bere zituen estilo aniztasuna eta ironia nabarmentzen dira bere lanetan.
Teknikoki bikaina zen Fernando Beorlegi margolaria (Campanas, Nafarroa, 1928-Eibar, Gipuzkoa, 2008). Bere bodegoi
sailak dira horren froga, erretratu apartak eta paisaia ederrak. Baina Maria Jose Aranzasti arte komisarioak dioenez, ez
dira horiek Beorlegi Beorlegi egiten dutenak; ironia, umore zorrotza eta egoera tragikoak margotzeko duen gogortasuna
baizik. Zakarra den sublimaziorik ez da haren lanean. Itsusi ematen du errealitatea, itsusi eta gordin. Zail. «Gerra
osteko gosearen, miseriaren eta kultura eskasia nabarmenaren isla dira haren lanak. Hori da haren unibertso berezia».
Atzera begirako erakusketa antolatu dio orain Lizarrako Gustavo de Maeztu museoak (Nafarroa) euskal artistari;
Gogoaren pintzelkada garratzak izenekoa. Otsailaren 28ra arte egongo da irekita.

Zarautzen eta Eibarren (Gipuzkoa) izan da lehenago erakusketa, eta, Aranzastik dioenez, Beorlegiren jatorrira itzuli da
bere lana orain, bere gaztaro eta haurtzaroko Lizarrara. Hari eta inguruko herriei eskainitakoak dira, horregatik,
erakusketako lehen koadroetako batzuk. Hasierakoak, gehienak, Eibarrera ezkondu aurrekoak, Javier Ziga eta Gustavo
de Maezturen ikasle zen garaikoak. Gero datoz bere-bereak: aurpegi desitxuratuak, tentsioz betetako paisaiak, miseria
giroak, amesgaizto eta inauteri kutsukoak, musikaz betetakoak…

«Izugarria». Halakoa zen errealitatea Beorlegiren hitzetan, eta hala marraztu zuen. «Errealitatetik ihes egiten dut», zioen, «beldurgarria iruditzen zaidalako, baina, hala ere, etengabe itzultzen naiz hartara». Ametsen mundura gerturatzean ere handiegia da maiz errealitatearen pisua haren margolanetan, Procesión onírica (Prozesio onirikoa) eta Músicos (Musikariak) izeneko lanetan ikus daitekeenez. Surrealismoaren oihartzuna ageri dute, maiz, haren lanek, eta Goyarena, eta Gustave Dorerena… guztietatik edan zuen.

Bere gordintasunak eta ironiak bereizten du Beorlegiren lana Aranzastiren hitzetan, baina baita zokoratu ere.
Gordintasun hori baita, haren ustez, Beorlegiren lana dena baino ezagunago ez izatearen arrazoietariko bat. «Ez da publiko guztientzako artista», dio. «Jendea izutu egiten da koadro batzuekin, eta itsusiak direla diote, baina jendeak uste du margolan orok atsegina izan behar duela, eta hori ez da hala».

Ezetz erantzuten du buruaz Mikel Beorlegik, margolariaren semeak. Ez dago Aranzastirekin ados. «Beren buruen beldur delako da jendea koadro hauen beldur», dio, eta, haren ustez, aitaren lanak badira guztientzako modukoak.
«Badira aurpegira tu egiten dizuten koadroak, bai, baina baita atsegin gerta daitezkeen lan lirikoagoak ere. Batek ere ez du ikuslea bere horretan utziko, ordea». Errealismo magikotik gertuen diren margolanak aipatzen ditu koadro «atseginagoen» adibidetzat; bodegoiak, baita koadrotik ateratzen den emakume bat ageri duen beste bat ere.

Mikel Beorlegiren hitzetan, aitaren lana estilo zehatz baten barnean katalogatzeko zailtasuna izan daiteke haren lana
ezagunago ez egin izanaren arrazoietariko bat. «Klasifikatzeko oso pintore zaila da. Beti kubista izan den margolaria
kubismoan sartzen dute, baina ez da halakorik gertatzen gure aitarekin».

Aldaketa, konstante

Etengabe aritu zen Beorlegi bere margokerarekin esperimentatzen, eta hori da erakusketako konstanteetako bat:
aldaketarena. Errealismo soziala, surrealismo kritikoa, errealismo magikoa, espresionismoa… eskola horietatik
guztietatik edaten du haren lanak, eta batetik bestera dabiltza haren koadroak. «Hamaika ismo erabil daitezke haren
lana sailkatzen saiatzeko», dio semeak, «baina oso zaila da. Unearen arabera aukeratzen zuen errealitateaz zuen
ikuspegia nola islatu».

«Margolari setatia» zen Beorlegi, bere buruaz esan ohi zuenez, eta etsi gabe aritu zen beti lanean. Hain zuzen ere, hori
da semeak aitaz nabarmendu duen beste ezaugarri bat: denboraz egiten zuela lan. Denboraz eta historiarentzat.
Temati. Berak sortzen zituen bere pinturak, eta tenpera erabiltzen zuen askotan, denborarekin koadroen itxura
hobetzen duen teknika. «Gure aitak bazekien bere lanak ez zituela sekula onenean ikusiko. Guk ere margolariek baino
hobeki ikusten ditugu garai bateko margolanak, eta aitak ere bazuen hiltzean denborak bere partez margotzen
jarraituko zuen ideia hori buruan».

Anuncios